XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hemendik aurrera biologia molekularrari buruz jakin ahalko ditugun gauzen arabera, manipulazio genetikoak ekidin ezinak izango dira etorkizunean dio Kimurak.

Egun iritzi publikoa haien aurkako azaltzen bada ere, aldi berean haietara ohitzen ari dela esan daiteke.

Hala, in vitro delako ernalketa metodoa ohizko bilakatzeak zera eragin du, bizia manipula daitekeelako iritziaren aldeko jarrera indartu, alegia.

Gainera, medikuntza aurrerapenak medio, akats genetikodun biztanleak bizirik iraunarazteak aldez aurretik hilak behar ziratekeen geneak jendartean barreiatzea dakar berekin.

Horren ondorioz, normala da akats genetikoen kopuruak gora egin izana, eta horrek geneekin neurriak hartzera eramango gaitu.

Esaterako: gaur egun phénylcétonuriagatik ez da umerik hiltzen, izan daitekeen gaixotasun genetikorik larriena izanik ere, elikadura erregimen egokia jarraituz gero.

Orain arte gaixotasun hau hilgarria zen.

Heriotzarekiko garaipenak, ordea, biztanle horien akats genetikoa ugal dadin ekarriko du.

Egia da, gaineratzen du Kimurak, era honetako gene hilgarrien hedapena oso geldoa dela.

Izan ere, phénylcétonuna duten guztiak ernaltzeko gai direla suposatuz, 1500 urte igaro behar lirateke egungo gaixo kopurua bikoizteko.

Eta 700, mucoviscidosearen kasuan.

Genetikariak zenbaki hauetan oinarritzen dira haien arriskurik eza aldarrikatzeko, baina Kimuraren ustez oker dabiltza, zeren gaixotasun genetikoak jasaten dituzten gizakiak bizirik iraunarazteak honako arazo orokorrago baten kezka sortzen baitu: naturak gizakien artean burutu ohi duen eliminazio gaitasuna murriztearena, hain zuzen.

Gizakion gordailu genetikoa txikitzen eta ahultzen ari da medikuntzaren haur hilkortasuna murrizteko ahalmena eta jaiotzen kontrola dela medio.

Laster erreparazio genetikoak ezinbesteko gertatuko dira.

Kimuraren iritzian, biztanle bakoitzak jaiotze unean halako tailer genetiko batetik pasa beharko du gurasoengana baino lehen.

Baina ohartu, Kimurak etorkizun hitza erabiltzen duenean, milaka urtetako eboluzioaren ondorio bezala erabiltzen duela.

Ez al dago arriskurik, ordea, jaiotze unean bertan hasten den eugenismo horretatik enda edo arraza hobetzeko eugenismo positibo batera pasatzeko?

Manipulazio genetikoen bidez ia ezinezkoa gertatuko da hori, erantzuten du Kimurak, zeren adimena eta gizarte iharduerak ez baitaude gene bakar bati loturik, mota askotako baldintzen barne-eraginari baizik.

Modu bakarra esperma eta obuloen aldez aurretik sakon aztertu eta aukeratuak gordailu antzeko zerbait sortzea litzateke.

Baina aipatu gordailuarekin emaitza onak lortuko badira, emaileen kopuruak oso zabala behar luke izan: milioi batekoa gutxienez, ehun milioiko biztanlegoa duen herrialde batean, kasu.

Emaileen esparrua Nobel Saridunetara mugatuko balitz, inoiz proposatu izan den bezala, haien jite edo karaktereak frogaren atarian geratuko lirateke.

Beste modu bat litzateke haien zelulak in vitro erabili eta clon izeneko izaki berdinak sortzea.

Kimurak aurrikusten duenez, halako manipulazioen aurkako jarrerak gero eta gutxiago izango dira, in vitro ernalketa metodoa hedatu ahala.

Ezinbesteko!.

Kimurak, bestalde, zera gaineratzen du, era honetan sorturiko gizakiek helburu zehatza izango dutela: espazioa kolonizatzea.

Guy Sorman

(Les vrais penseurs de notre temps)